jueves, 18 de febrero de 2010

ARERIOA EZAGUTU: OVIEDO


(argazkian Oviedo eta BUC nor baina nor Narancoko lokatzartean)
Heldu den igandean jolastuko dute Landaren Hernanik eta Oviedok elkarren aurka. Oso partidu garrantzitsua da bi taldeentzat; hernaniarrek lehen postuari heltzeko galdu ezineko aukera bait dute, oviedotarrek play offetarako lehiari eusteko duten aukeraren aurrean.
Elkarrekin jolastu duten azken bi alditan – biak ere Oviedon- oso estua izan da lehia eta bietan Hernani gailendu da juxtu baino juxtuago (denboraldi honetan jokatutakoan 22-27 gailendu ziren hernaniarrak). Hori dela eta, ez da harritzekoa izango asturiarrak motibaturik, gogotsu, etortzea Hernanira.
Asturiarrak… zeozer esatekotan, ia taldearen erdia osatzen bait dute Oviedoko atzerritarrek: australiarrak, zeelanda berritarrak, argentinarrak…Azken urteotan dinamika berezi xamarra eraman dute gainera urdinek alor honetan. Ohikoa izan da iragan urteetan, denboraldia etxeko jokalariekin hastea, modu petral xamarrean egia esan, eta denboraldi erdialdera atzerrian fitxaketak egitea. Modu honetan jokoa hobetzen zuten, espero ez ziren emaitzak lortzen zituzten, eta denboarldi amaieran mailari eustea lortzen zuten. Politika horrek ordea, mailari eusteko baina ez dio balio izan, ezer gehiago lortzeko itxaropenik gabe, eta 1998 eta 2001 artean ohorezko mailan
egon zen talde honek berriro igotzeko asmoa edukitzekotan aldaketa bat behar zuen. Aldaketa hau, agian, babesle indartsu bat edukitzeak ahalbidetu die; urte honetan fitxaketak sasoi hasieran egin dituzte, eta serioago aritu dira lehiaketaren lehen itzulian. Seriotasun horren fruitu, gaur egun taulan duten lekua, laugarrena, hori bai, play offetarako aukerak inolaz ere galdu gabe.
Esan bezala, atzerritar ugari duen taldea da, jokalari bezala ere aritzen den entrenatzaileagandik hasita: Simon Hafoka. Normalean 8 bezala aritzen da, Tongako taldean eta Zeelanda berriko hainbat taldeetan jolastu duen maoriar hau. Getxo taldean ere aritu izan zen.
Australiatik ekarri zituzten Daniel Grieve uztartze erdia eta Joshua Wilson zentroa, horpokatzaile bat ere ekarri zuten, baina ez dakit etxera itzuli edo zer egin duen, ez bait du jolasten. Baina dudarik gabe Zeelanda Berrikoak dira aurtengo fitxaketa esanguratsuenak: bigarren lerroan aritzen da Cameron Reed eta iaioa da eskasetan baloiak lapurtzen. Liga honetako puntuegile nagusia berarekin iritis zen Kiwien lurraldetik; Henry Fisher joko zabaltzaileak 93 puntu erdietsi ditu dagoeneko ia denak ostikoz (denak ez badira), adi beraz zigor kolpeekin!
Aipatzekoak dira baita ere Valladolideko VRAC taldetik fitxatu zuten Cristian Utiel hirugarren lerrokoa, eta etxeko jokalarien artean, David Rey hegalekoa aipatuko dugu, entsegu dexente egiten duen jokalaria bait da.
Dituen atzerritar kopuruagaitik ez badirudi ere, harrobia lantzen duen taldea ere bada Oviedo, esate baterako, Valladolideko El Salvador taldeko Souto anaiak talde honetatik atera ziren.
Ligan jolastutako azken norgehiagokan BUC taldeari gailendu zitzaizkion 9 eta 3ko emaitzaz, kontutan izateko taldea hortaz, nahiz eta partidu honetan nabarmenago azaldu zen lokatza, jokoa bera baino, oso egoera txarrean bait dago Oviedotarren Naranco zelaia.
Hernanira jolastera etortzeko prest dago Oviedotarren talde osoa, ez dute min hartutako jokalaririk, eta hau gerta ez dadin beste zelai batetan ari dira prestatzen Hernaniren aurkako partidua.
Posible delako, eta gainera irabaziko delako, Bultza Hernani!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario