![](https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEjv8Oxdy9zWuPgiMAL7-vWpMrcknrgpc-5-rIJRviKjcCyetoIVwGwqGQsdzIP8vHHGfBlGcgDiTW99Jz6NbMm-Ab1MbK27_iFc1e8w8GxVEFUFqrFaZ6T_g5kAQAntqsYWV9BX4fTiHGHo/s320/buc-rugby.jpg)
Pena da, baina hala da, joan den igandean galdu zuen Hernanik atzeratutako partiduan liga guztian zehar zeraman garaitezintasuna. Bartzelonatik etorri ziren BUC taldekoak ustez minduta, joaneko partiduan bidegabekieriaz galdu zutela sinetsita, eta Hernaniri etxean hortzak erakustera etorri ziren, baita ederki erakutsi ere.
Lana medio ezin izan nintzen Landarera joan igandean, baina uneoro bertan gertatzen ari zenaren berri jaso nuen telelefonoz. Bartzelonako taldea gehiago izaten ari zen , nahiz eta Hernaniarrak aurretik jarri partidu hasieran. Maisu izan ziren aurrean eta maisu lerroan bartzelonarrak, horrez gain hernaniarrak falta nabarmenak zituzten zelairatu zen hamabostekoan, aurreko astean Bartzelonako beste taldearen aurkako neurketa gogorraren ondorio. Aurrelariek Arkaitz Otaño kapitaina faltan zutela bistan omen zen, eta defentsan akats haundi xamarrak izan omen ziren. Bartzelonarrei nagusi izan zirela aitortu behar zaiela esan didate. Eta hala izango da.
Orain aurrera begiratu behar da, liga ez da oraindik amaitu, eta lehen postuari helduta dago Hernani. Lau puntuko aldeari ere eusten dio nahiz eta atzetik bigarren posturako borroka ederki bizitu den. Atzetik ditu Bartzelonako bi taldeak eta Oviedo oso puntu gutxiren baitan borrokan eta horrek ez dio mesederik egingo Hernaniri, geroz eta talde gehiago lehian orduan eta lasaitasun gutxiago. Azter ditzagun geratzen diren partidak:
Lehenik Oviedo etorriko zaigu bisitan, bigarren posturako lehian dagoen taldea da, duela 15 egun BUC taldeari irabazi ziona. Oso partidu konplikatua izango da, kanpotarrez oso hornitua, eta aurten, aurreko urteetan baina erregularragoa. Argentinarrak, australiarrak, zeelanda berritarrak... ez dira xamurrak izango, baina beraiek baina gehiago izan ziren hernaniarrak Oviedon. Berriro ere irabaziz gero oso oso eskura izango du Hernanik play offa.
Jarraian datozen hiru partiduak, errazak ziruditen liga haseran, jokoan ezer izango ez zelakoan; ba liga animatu da beheko postuetan ere eta eibartarrak partiduak irabazten hasi dira eta ez dute amore emango, getxotarrek, durangarrek eta vigotarrek egingo ez duten bezala. Oviedoren ostean Vigo eta Eibar bisitatu behar ditugu eta Getxo etxean hartu azkenengo jardunaldian. Ez da zirudien bezain xamurra izango, baina Hernanik gehiago izan behar du, eta izango da...
Dena joan behar duen moduan joango bada, play offak izango ditugu berriro udaberrian, aurten gainera kanporaketa bakarra gainditu beharko da ohorezko mailara iristeko, ohorezko B mailako finala jolastuko duten bi taldeak igoko bait dira zuzenean, promoziorik jolastu gabe. Honi begira ere oso garrantzitsua izango da lehen postuari eustea, ahal bada bigarren posturako lehian dauden taldeak egokitu behar zaizkigu kanporaketan: Liceo, CAU Valencia edo Portuense. Lehen postuak jabe nagusia bait du bigarren taldean, Madrilgo Alcobendas taldea, berez talde oso sendoa izateaz gain, etxera bueltatu bait zaie Ingalaterran aritu den Jaime Nava zentro handia ere, eta zurrumurruak daude play offetarako indartuko ote diren (selekzioan aritzen den Martin Heredia joko zabaltzaile andaluziarra Madrilera hurbilduko ote den zurrumurruak daude). Datorrena datorrela... bultza Hernani!