miércoles, 24 de febrero de 2010

Hernani 13 Oviedo 3

Oso partidu arraroa igandean Landaren ikusi genuena. Bi taldeek dena eman zuten defentsan (bisitariek gehiegi agian), baina oso exkax aritu ziren erasoan. Aurrelarien partidua izan zen orohar, bi taldeetako aurrelariak oso fin aritu ziren nahiz eta agian fisikoki oviedotarrak apur bat gainetik egon (lehen lerroa oso antzekoa zuten bi taldeek, baita bigarrena ere, diferentzia fisikoa hirugarren lerroan zegoen). Ez ziren hain ondo ibili hiru laurdenetako lerroak, biak. Hernaniarren partetik ondo aritu ziren atzelaria (oso seguru defentsan eta partiduko entsegu bakarraren egilea) eta uztartze erdia, etengabe bilatu zuen aurkarien lerroa eta baloi paregabeak zabaldu zituen, baina ez zen hernaniko hirulaurdenekoen eguna izan, baloiak galdu bait zituzten etengabe. Asko aurreratu du taldeak zentzu honetan ,baina oso egun txarra izan zuten igandean, bazirudien antsietateak gainditu egin zituela erdilariak eta joko zabaltzailea. Oviedotarren kasuan diferentziak joko zabaltzaileak markatzen dituela argi dago, baina eskasetarako ostiko on batzuk besterik ez zituen erakutsi igandean, gainerakoak zero patatero, denak, baita joko zabaltzailea ere, egon ziren partidu guztian zehar jokoz kanpo, eta hau estrategia kontua da , zigortu beharko litzatekeena.
Ildo beretik salagarria da bisitari batzuek erakutsi zuten portaera. Beste behin ikusi behar izan dugu nola etorri diren bisitariak Hernanira partida berotzeko asmoarekin, zeharka epailearengan eragiteko helburuaz? Benetan tamalgarria norgehiagoka amaitzeko hamar minutu eskas falta zirela gertaturikoa. Uztartze ireki baten ostean entrenatzaile ere baden jokalaria Oviedotarren alboko epailearengana zuzendu zen hantza norbaitek zeozer egin ziola eta nor zenaz galdezka. Alboko "epaileak" Hernaniko jokalari bat seinalatu zion eta zuzen zuzenean joan zitzaion aurpegia txikitzera. Ondorioa denok dakigu, Gorka Sarasola arroinak zelaia utzi behar izan zuen zaurituta. Alboko "epaile" honen portaera benetan salagarria da, ez baita da partiduan izan zuen partehartze bakarra izan: tangana batean parte hartu zuen, harmailetara keinuak egin zituen... PE-NA-GA-RRI-A!!!!!
Tamalez zabalduta dagoen ustea da Hernaniarrei aurre egiteko moduetako bat partida azpi jokoen bitartez haustea dela, eta horren inguruan denok hausnartuko beharko dugu, bai jokalariek, bai klubak eta noski zaletuok ere, batzuetan berotzeak ez baititu zelaian daudenak laguntzen eta. Aurrera begira burua hotz, denok!

jueves, 18 de febrero de 2010

ARERIOA EZAGUTU: OVIEDO


(argazkian Oviedo eta BUC nor baina nor Narancoko lokatzartean)
Heldu den igandean jolastuko dute Landaren Hernanik eta Oviedok elkarren aurka. Oso partidu garrantzitsua da bi taldeentzat; hernaniarrek lehen postuari heltzeko galdu ezineko aukera bait dute, oviedotarrek play offetarako lehiari eusteko duten aukeraren aurrean.
Elkarrekin jolastu duten azken bi alditan – biak ere Oviedon- oso estua izan da lehia eta bietan Hernani gailendu da juxtu baino juxtuago (denboraldi honetan jokatutakoan 22-27 gailendu ziren hernaniarrak). Hori dela eta, ez da harritzekoa izango asturiarrak motibaturik, gogotsu, etortzea Hernanira.
Asturiarrak… zeozer esatekotan, ia taldearen erdia osatzen bait dute Oviedoko atzerritarrek: australiarrak, zeelanda berritarrak, argentinarrak…Azken urteotan dinamika berezi xamarra eraman dute gainera urdinek alor honetan. Ohikoa izan da iragan urteetan, denboraldia etxeko jokalariekin hastea, modu petral xamarrean egia esan, eta denboraldi erdialdera atzerrian fitxaketak egitea. Modu honetan jokoa hobetzen zuten, espero ez ziren emaitzak lortzen zituzten, eta denboarldi amaieran mailari eustea lortzen zuten. Politika horrek ordea, mailari eusteko baina ez dio balio izan, ezer gehiago lortzeko itxaropenik gabe, eta 1998 eta 2001 artean ohorezko mailan
egon zen talde honek berriro igotzeko asmoa edukitzekotan aldaketa bat behar zuen. Aldaketa hau, agian, babesle indartsu bat edukitzeak ahalbidetu die; urte honetan fitxaketak sasoi hasieran egin dituzte, eta serioago aritu dira lehiaketaren lehen itzulian. Seriotasun horren fruitu, gaur egun taulan duten lekua, laugarrena, hori bai, play offetarako aukerak inolaz ere galdu gabe.
Esan bezala, atzerritar ugari duen taldea da, jokalari bezala ere aritzen den entrenatzaileagandik hasita: Simon Hafoka. Normalean 8 bezala aritzen da, Tongako taldean eta Zeelanda berriko hainbat taldeetan jolastu duen maoriar hau. Getxo taldean ere aritu izan zen.
Australiatik ekarri zituzten Daniel Grieve uztartze erdia eta Joshua Wilson zentroa, horpokatzaile bat ere ekarri zuten, baina ez dakit etxera itzuli edo zer egin duen, ez bait du jolasten. Baina dudarik gabe Zeelanda Berrikoak dira aurtengo fitxaketa esanguratsuenak: bigarren lerroan aritzen da Cameron Reed eta iaioa da eskasetan baloiak lapurtzen. Liga honetako puntuegile nagusia berarekin iritis zen Kiwien lurraldetik; Henry Fisher joko zabaltzaileak 93 puntu erdietsi ditu dagoeneko ia denak ostikoz (denak ez badira), adi beraz zigor kolpeekin!
Aipatzekoak dira baita ere Valladolideko VRAC taldetik fitxatu zuten Cristian Utiel hirugarren lerrokoa, eta etxeko jokalarien artean, David Rey hegalekoa aipatuko dugu, entsegu dexente egiten duen jokalaria bait da.
Dituen atzerritar kopuruagaitik ez badirudi ere, harrobia lantzen duen taldea ere bada Oviedo, esate baterako, Valladolideko El Salvador taldeko Souto anaiak talde honetatik atera ziren.
Ligan jolastutako azken norgehiagokan BUC taldeari gailendu zitzaizkion 9 eta 3ko emaitzaz, kontutan izateko taldea hortaz, nahiz eta partidu honetan nabarmenago azaldu zen lokatza, jokoa bera baino, oso egoera txarrean bait dago Oviedotarren Naranco zelaia.
Hernanira jolastera etortzeko prest dago Oviedotarren talde osoa, ez dute min hartutako jokalaririk, eta hau gerta ez dadin beste zelai batetan ari dira prestatzen Hernaniren aurkako partidua.
Posible delako, eta gainera irabaziko delako, Bultza Hernani!!

lunes, 15 de febrero de 2010

Profesionaltasunaz

Egun hauetan VI nazioetako torneoaz eta urrezko kopaz hitzegiteko asmoa nuen, eta oso labur egingo dut, bi txapelketa hauetan gertaturiko beste gauza batzuetaz luzeago hitzegiteko. VI nazioetako torneoan Frantziak nagusitasuna azaldu zuen Irlandaren kontra, Galesek azken unean irabazi zion modu epikoan Eskoziari, eta Ingalaterrak juxtu juxtu irabazi zuen Erroman. Urrezko kopan Bera Bera gailendu zen Anoetan Ordiziaren kontra, eta Urbietako “zelaian” Gernikak Hernaniri irabazi zion ozta ozta, 70 minututan 0-0ko markagailuari eutsi ostean.
Mamira.
Jakina da azken urteotan errugbyak profesionalizazioruntz pausoak eman dituela. Askok esango dute aurrerapausoak izan direla. Nik zalantzak ditut honen inguruan ordea. Ez naiz ni inor inork babarrunak nola irabazi behar dituen esateko, baina kirol honetan, profesionalizazioak eragin dituen ondorio batzuetaz aritzeko asmoa badut behintzat. Horretaz jardun nuen beste sarrera batean eta ez naiz gehiago luzatuko: Aldaketa fisikoak, talentuaren gainetik aurrekontuek duten nagusitasunaz… nire eritzia garbia da. Profesionalizazioak ez dio onurarik ekartzen errugbyari, edo onurak baino gehiago dira kalteak, nire uste apalean behintzat. Kirol noble honen prostituzioa bizitzen ari gara, lagunak.
Esaten ari naizen honen adierazgarri, astebukaera honetan izan diren bi gertakari. Bere profesionaltasunaz arro diren jokalari eta entrenatzaileak gertakari hauen protagonista.
Lehena Galesen gertatutakoa, Cardiffen. Gales eta Eskoziaren arteko norgehiagokaren aurretik polemika bizia piztu zen zelaiaren sabaia zela eta. Millenium estadioak jasotzen diren sabaia horietako bat duela eta, bere joko “ikusgarriagoari” etekina ateratzeko, Galesko entrenatzaileak larunbaterako iragarrita zeuden euriak zirela eta sabaia ixtea proposatu zuen. Honetarako Eskoziako entrenatzailearen bahimena behar zuen ordea, eta honek ez zuen eman. Sekulakoak entzun ziren partida aurreko egunetan Eskoziako entrenatzailearen erabakia zela eta… horrek ikuskizuna ilunduko zuela, horrela ezin direla sponsorrak erakarri, joko itsusia gailenduko zela… ba sabaia irekita mantendu zen, eta larunbatean Galesko zeruaren azpain ikuskizuna ikusi ez bazen, nik betaurreko berriak behar ditut. Agian profesionalagoa izango ote zen Galeseko jokalari batzuek garaipena ospatzeko aukeratu zuten modua? Batzuek irakurriko zenuten prentsan, hirugarren denbora ospatzen ari ziren hoteleko golf karrito bat hartu, eta nola harrapatu zituzten erabat mozkortuta autopista batean gidatzen bi jokalari profesional galestar… denok egin ditugu tontakeriak hirugarren denboratan ordea, eta honek jakina ez ditu sponsorrak uxatzen.
Beste gertakaria Gernikako zelaiean gertatu zen. Zelaia zeozer esatekotan, Laidako hondartzan hondar gehiago baitago. Hau gertatzen da, besteak beste dirua argentinatik jokalari profesionalak ekartzen xahutzen denean, bizkaitarren poltsikotik ateratzen den dirua. Eta nire uste apalean ,Gernikako jokalariek beraiek ikusiko dute zein puntutaraino jarri nahi duten bere osasuna arriskuan halako zelaiean jolastuta, baina arerioa halako zelai batean jolastera behartzea ez zait etikoa iruditzen. Eskerrak ez zen lesio larririk gertatu behintzat. Ez zen hala ere gertatu zen okerrena izan. Gernikako jokalari batek, arroin batek, bere profesionaltasuna azaltzeko edo, Hernaniko jokalari gazte bati, kontura ez zetorren ukabilkada bat eman eta lurrean uzti zuen konorterik gabe. Partiduko kakak partiduan gelditu behar duela pentsatzen duenetako bat naiz, horretan bait datza kirol honen nobleziak; baina kasu batzuetan pazientzia noblea ere, agortu egiten da. Ederki irabazi uken soldata basurde, bejondaiala

miércoles, 10 de febrero de 2010

VI NATIONS Lehenengo jardunaldia




Joan den asteburuan jolastu da sei naziotako txapelketaren lehenengo jardunaldia. Sorpresa eta joko handirik gabe joan da jardunaldi hau.

Ingalaterra eta Galesen arteko partidua ikusteko betarik ez nuen izan eta ez dut honen komentariorik egingo. Twickenhameko zelaiak ehun urte betetzen zituen eta etxekoek omenaldia egin zioten Galestarrei irabazita. Berezitasun gisa, komenta dezakegu,partida honetan ingelesek mendeurrena ospatzeko garai hartako moduan jantzita jolastu zutela (argazkian ikusten den moduan). Emaitza 30-17koa izan zen, eta esaten dutenez, Ingalaterra nagusi izan bazen ere, markagailuak erakusten duen diferentzia ez zen hainbestekoa izan.

Partida honen aurretik jolastu zen Irlanda eta Italiaren artekoa Dublingo Croke parken. Nire iritziz ez zen partidu oso ona izan, arrazoia sinplea, batzuek nahi izan ez zutelako, eta besteek ezin izan zutelako. Ezina eta nahigabekeria juntatu ziren. Italliarren ezina, jokaldi dotore bat edo beste egin bazuten ere, agerian gelditzen bait da behin eta berriz selekzio honek txapelketa hau jokatzeko maila ematen ez duela. Aurrelari sendoak, ilusioa, eta gogoa aportatzen dituzte. Jokorik ez. Irlandarrek berriz ez zuten batere arriskatu, lehen zatian nahikoa abantaila lortu zuten, eta joku ikusgarriagoa eskeini zuten. Atsedenaldira 23-8ko emaitzarekin joan ziren eta bertan gelditu ziren, aldfageletan. Bigarren zatian ahal beste aldaketa egin , eta indarrak Pariserako gorde zituzten. Bigarren zati osoan 6 puntu besterik ez zituzten gauzatu irlandarrek eta 3 italiarrek, besterik ez dugu komentatuko eskeinitako ikuskizun aspergarriaren omenez. Norbait aipatzekotan Irlandako taldea aipatu behar dugu,kasu honetan egin dezakeenaz egin zuenaz baino gehiago. Ikusten zaio talentua taldeari, eta ea datorren larunbatean daukana emateko gai den. Izen propioak: Thomas O´Leary, Heaslip, Brian O´driscoll, eta Ronan O´Gara. Partiduko jokalaririk onena , Munstergo Paul O´Conell.

Igandean bazkalostean Eskozia eta Frantzia aurrez aurre. Honetaz ere antzeko zeozer esan dezakegu, Frantziak errez irabazi zuen nahiz eta eskoziarrek borondate osoa agertu zuten, baina ezinarekin topatu ziren hauek ere. Eskoziarrek kasta osoz ekin zioten behin eta berriz frantziako defentsa hausteko ahaleginari, eta lortu zuten zenbaitetan, baina lortzen zuen jokalaria bakarrik sartzen zen Frantziarren zelaiean , babesik gabe, bilustik, berezkoa bihurtzen ari zaien joko anarkikoaren seinale. Denen artean azpimarratuko nituzke Paterson aztelari eta puntugilea, eta Beattie zortzia ahaleginaren eta saiakerarn eredu. Frantziak Irlandak bezalaxe frenoarekin jolastu zuen. Aurrean oso ondo, antolaturik eta nagusitasunez. Ez zitzaidan hainbeste gustatu hiru laurdeneko lerroa. Uztartze erditik hasita, Clermonteko Morgan Parra aritu zennpostu hionetan eta ez zitzaidan asko gustatu. Nahiago nuke Michalak haseratik jardín izan balitz. Zabaltzaile lanetan Thrin Duc, besterik gabe. Bi zentroak finago ibili ziren, Jauzion eta Basteraud, bigarrena batez ere bi entsegu erdietsiz. Hegaletan, zero patatero, agian ez bere erruz baloirik jaso ez zutelako, min hartzen besterik ez genituen ikusi Rougerie eta Avirongo Benjamin Fall. Atzean Poitrenaud, exkax. Partiduko jokalaririk onena duda izpirik gabe, Imanol Harinordoqui. Sekulako partidu borrokatu eta borobila egin zuen Donibane Garazikoak

martes, 9 de febrero de 2010

Amaitu da garaitezintasuna




Pena da, baina hala da, joan den igandean galdu zuen Hernanik atzeratutako partiduan liga guztian zehar zeraman garaitezintasuna. Bartzelonatik etorri ziren BUC taldekoak ustez minduta, joaneko partiduan bidegabekieriaz galdu zutela sinetsita, eta Hernaniri etxean hortzak erakustera etorri ziren, baita ederki erakutsi ere.
Lana medio ezin izan nintzen Landarera joan igandean, baina uneoro bertan gertatzen ari zenaren berri jaso nuen telelefonoz. Bartzelonako taldea gehiago izaten ari zen , nahiz eta Hernaniarrak aurretik jarri partidu hasieran. Maisu izan ziren aurrean eta maisu lerroan bartzelonarrak, horrez gain hernaniarrak falta nabarmenak zituzten zelairatu zen hamabostekoan, aurreko astean Bartzelonako beste taldearen aurkako neurketa gogorraren ondorio. Aurrelariek Arkaitz Otaño kapitaina faltan zutela bistan omen zen, eta defentsan akats haundi xamarrak izan omen ziren. Bartzelonarrei nagusi izan zirela aitortu behar zaiela esan didate. Eta hala izango da.
Orain aurrera begiratu behar da, liga ez da oraindik amaitu, eta lehen postuari helduta dago Hernani. Lau puntuko aldeari ere eusten dio nahiz eta atzetik bigarren posturako borroka ederki bizitu den. Atzetik ditu Bartzelonako bi taldeak eta Oviedo oso puntu gutxiren baitan borrokan eta horrek ez dio mesederik egingo Hernaniri, geroz eta talde gehiago lehian orduan eta lasaitasun gutxiago. Azter ditzagun geratzen diren partidak:
Lehenik Oviedo etorriko zaigu bisitan, bigarren posturako lehian dagoen taldea da, duela 15 egun BUC taldeari irabazi ziona. Oso partidu konplikatua izango da, kanpotarrez oso hornitua, eta aurten, aurreko urteetan baina erregularragoa. Argentinarrak, australiarrak, zeelanda berritarrak... ez dira xamurrak izango, baina beraiek baina gehiago izan ziren hernaniarrak Oviedon. Berriro ere irabaziz gero oso oso eskura izango du Hernanik play offa.
Jarraian datozen hiru partiduak, errazak ziruditen liga haseran, jokoan ezer izango ez zelakoan; ba liga animatu da beheko postuetan ere eta eibartarrak partiduak irabazten hasi dira eta ez dute amore emango, getxotarrek, durangarrek eta vigotarrek egingo ez duten bezala. Oviedoren ostean Vigo eta Eibar bisitatu behar ditugu eta Getxo etxean hartu azkenengo jardunaldian. Ez da zirudien bezain xamurra izango, baina Hernanik gehiago izan behar du, eta izango da...
Dena joan behar duen moduan joango bada, play offak izango ditugu berriro udaberrian, aurten gainera kanporaketa bakarra gainditu beharko da ohorezko mailara iristeko, ohorezko B mailako finala jolastuko duten bi taldeak igoko bait dira zuzenean, promoziorik jolastu gabe. Honi begira ere oso garrantzitsua izango da lehen postuari eustea, ahal bada bigarren posturako lehian dauden taldeak egokitu behar zaizkigu kanporaketan: Liceo, CAU Valencia edo Portuense. Lehen postuak jabe nagusia bait du bigarren taldean, Madrilgo Alcobendas taldea, berez talde oso sendoa izateaz gain, etxera bueltatu bait zaie Ingalaterran aritu den Jaime Nava zentro handia ere, eta zurrumurruak daude play offetarako indartuko ote diren (selekzioan aritzen den Martin Heredia joko zabaltzaile andaluziarra Madrilera hurbilduko ote den zurrumurruak daude). Datorrena datorrela... bultza Hernani!

jueves, 4 de febrero de 2010

VI Nations lehen jardunaldia


Larunbat honetan hasiko da aurtengo VI nazioetako torneoa, Dublinen hain zuzen 15:30etan Irlanda eta Italia aurrez aurre jarrito direnean. Egun berean arratsaldeko 18etan Londresen Gales hartuko dute larrosa soinean daramaten ingelesek. Igandean iritsiko da Murrayfielden Eskozia eta Frantzairebn txanda. Huaek momentuz talde bakoitzari dagokionez dauden azken berriak.
IRLANDA –ITALIA (Croke Park 15:30)
Italiak nahiko lan izango du eusten eta Croke parkera eramango duten talde seguru ohikoa izango dela, Sergio Parisse jokatzeko moduan ez dagoela kontutan hartuta (leiaketa osorako gainera). Berrikuntza agian australiar-italiar batek eman dezake, baionako Avironen aritzen den Growe joko zabaltzaileak hain zuzen.
Irlandak erabakia du Croke park historikora (gogora dezagun estadio hau nagusiki joko zeltiarretarako erabiltzen dela eta 60000eserleku baina gehiago dituela) eramango duen taldea. Declan Kidney hamabosteko hau zelairatiuko du: Kearney atzean, Bowe eta Trimble hegaletan (gogora dezagun Fitzgerald lesionatuta dagoela), izugarrizko erdialdea 3/4eko lerroan , Gordon D´Arcy eta Brian O´Driscoll, , Ronan O´Gara jokoa zabaltzen eta Thomas O ´Learyk kendu dio selekzioan ere Munster tarldean egin duen bezalaxe Peter Stringerri uztartze erdiko tokia. Aurrean baita ere luxuzko taldea arituko da: 3.lerroan Heaslip, Wallce eta Mc Laughlin; 2. lerroan O´Connellek oraingoan ez du Donnacha O´Callaghan izango, hau mlesionatuta dagoelako, erta honen ordez Leinstergo Leo Cullenek jantziko du 4 zenbakia daraman elastiko berdea. Lehen lerroan Hayes, Flannery eta Healy.
Talde beterano xamarra ikusten denez, baina gazteek ere izango ote dute barruan duten errugbya erakusteko aukera. Espero dugu txapelketak aurrera egin ahala beraien aukera edukitzea eta Sexton bezalako fenomenoak gutxienez deialdian sartzea (momentuz azken hau bigarren selekzioarekin arituko da.

INGALATERRA-GALES (Twickenham 18:00)
Ingalaterrako hamabostekoan Jhonny Wilkinson izango da berriro ere izarra eta bizkarrean hamarra haseratik eramango duena. Berrikuntza nagusiak deialdian, Delon Armitage London Irisheko atzelaria hamabostekora itzuliko dela Frantzian aritzen den Flutey zentroarekin batera.
Galesek arazo Larica izango ditu aurrealdean , izan ere min hartuta zegoen Duncan Jones.ez gain , Rees horpokatzailea ere lesionatu egin bait zen, eta gaur jakin da HGethin Jenkins arroina ere etxean geldituklo dela giharretako (bikiak) arazo bat tarteko. Gainerantzean, eta momentuz, espero zirenak joango dira Twickehmanera.

ESKOZIA-FRANTZIA (Murrayfield, igandea 16:00)

Frantziak lesionatu gutxi ez bazituen (Yachvilli, Barcella, Chabal, Traille…), eta Dupuy bezala bere burua autoeragotzi dutenez gain, zerrendari izen gehiago gehitu behar zaizkio. Jean Baptiste Elissalde ere lesionatu egin da. Bere ordez Michalak taldekidea deitu dute zelairatuko den hamabostekoan egongo ez bada ere. Hala ere gauza harrigarriak egiteko gai izan behar duen hiru laurdenetako lerroa izango da jokoan: Poitrenaud atzean, Baionan aritzen den Benjamin Fall azkarra eta Rougerie hegaletan, eta batez ere kontuz bi zentroekin: Basteraud indartsua eta Tolosako maisua Yannick Jauzion. Guaza harrigarri bezain ulertezeina aurekaldean, Louis Picamoles es dute deialdian sartu ere egin. Dena den izutzeko moduko 3.lerroa joango da Edinburghera: Ouadago eta Dusatoir kapitaina Imanol Harinordoquy nafarrarekin batera.
Eskoziak momentuz ez du hamabostekorik azaldu eta ikusi beharko zein talde zelairatzen duen.

miércoles, 3 de febrero de 2010

VI naziotako torneoa 2010


Datorren larunbatean hasiko da aurtengo VI nazioetako torneoa. Seguraski munduan ezgunena den errugby torneoa. Izan daitekeena ikusteko selekzioaz selekzioko análisis txiki bat egitera ausartu naiz, barkatu hankasartzeak eta ea zeozertan asmatzen dudan.

Hasteko Italiaz arituko gara. Beti esan izan dut talde hau azkarrehi sartu zela torneoan, eta era berean saru izan ez baklitz ez zukeela azken urteetan eman dituen aurrerapausoak emango… Espero dezagun bederen aurten lehengo urtean egin zituzten tontakeriak ez errepikatzea, esate baterako Mauro Bergamasco hirugarren lerrokoa uztartze erdiko postuan jartzea Ingalaterraren aurkako partiduan (hura izan zen flipatzea!). Beraien puntu fuertea dudarik gabe aurrelariak dira, askok jolasten dute Top 14ean edo Guiness premiershipean: Bergamasco bera, Bortolami, Castroggiovanni, Perugini,… baina adi beraien izarra 8ko postuan jolasten duen Sergio Parisse argentinar-italiarra min hartuta bait dago, eta luzerako gainera. Eta atzean? Ba atzean ikusten dira selekzio honek besteekin konparatuta dituen gabeziak. Helburua aurten ere ahal duten paper duinena egitea.
Eskozia ezustekoren bat eman dezakeen taldea da. Aldaketa asko izan dituen selekzioa da eta gainera aldaketa Hajek emaitza onak ekarri dituzte, azaroso testeatan Fidji eta Australia gaindituz, esate baterako. Oso aurrelari serioak ditu, mauletan eta meleetan maisuak direnak , eta atzean… alegria! Edozein gauza egiteko gai diren atzelariak, anarkikoak, onerako eta txarrerako ere bai. Horregaitik eman dezakete sorpresa, ; esperantza badut gutxienez Calcuta cup-a (Ingalaterraren aurka) aurten etxean geldituko dena, Murrayfielden.
Ingalaterrak ez du ezertxo ere irabazi ostikoz ostiko 2003an munduko txapelketa irabazi zuenetik, hau da, 7 urte. Hori presio handia da halako talde batentzat, eta okerena (beraientzat noski) gauzak aldatzeko itxura handirik ez dutela. Datu bat: azaroso hiru test-matchetan entsegu bakarra lortu zuten,… eta bai Wilkinson bezalako ostikatzaile bat edukitzea abantaila da dudarik gabe, baina jokoak ezin du horretara mugatu. Aurrean urteak pilatzen dira, jokalari axeriak zigor kolpeak bilatzen dituztenak,… hori Ingalaterraren jokoa. Jokalari bat aipatzekotan beraz Jhonny Wilkinson (Toulon taldean beste urte bete egingo duena aste honetan sinatu berri duenez, badakizue soldata mugarik gabeko azken urteari probetxua atera behar zaio). Nik ez dut beraiekin aspertzeko asmo izpirik ere.
Frantzia. Itxaropen asko dauzkate jarriak gabatxoek VI nazioetako aurtengo lehian. Jokalari onak dituzte taldean, finak, baitaere joko ona eman dezaketen jokaklariak eta era berean izugarrizko zerrikeriak egin ditzaketenak (Sebastian Chabaletaz ari naiz noski). Dena den presentziak baino ausentziak pisu handiagoa izango ote duten zalantza daukat, batez ere bi jokalari botako dituzte faltan: BOk ere lehen lerroan faltan botatzen duen Fabien Barcella (min hartuta dago) azken aldian frantziar aurrelarien liderra izan dena. Bestea Julien Dupuy uztartze erdi borgoindarra, zigortuta dagoena eta ederki zigortuta ere. Hala ere badaude zer esana emango duten jokalariak, eta batez ere bat eduki ikuspuntuan , Stade Francaisen jolasten duen Louis Picamoles hirugarren lerrokoa… gauza handiak egitera deitua dago tipo hau. Aurka, esan bezala , faltako direnak, eta alde dudarik gabe etxean hartuko dituela Ingalaterra eta Irlanda.
Gales. Zalantza asko Cymruko dragoiei dagokienez, 2008an Grand cslamaren jabe egin ziren, eta urtebete beranduago Irlandarrek kendu zieten nagusitasuna, non eta Cardiffen gainera, Millenium estadiotzarrean. Efektua dudarik gabe negatiboa izan da galestarrentzat: desmotibazioa, zalantzak, eta gainera honi gaineratu zaizkion lesioak. Aurrean aipatzekoa da duten lehen lerro beldurgarria: Jenkins-Rees-Jones, potro galantak eduki behar dira hauen aurrean jartzeko. Atzean ere baditutze kontuitan hartzeko izenak ere Stephen Jones joko zabaltzailea eta 2008an munduko jokalari onena izandatu zute Shane Williams hegalekoa. Talde badute eta zeozer egiteko gai izan BEHAR dute.
Analisi hau amaitzeko Erin maitea, Irlanda. Zer esan dezakegu Declan Kidneyk zuzentzen duen taldaeri buruz,... joan den urtean malkoak atera zizkidan, bai azken partiduan eta baita Croke parken azkenekoaz jolastu zutenean Ingelesak zapalduz,... gogoan dut oraindik nola Kitton ikusi nuen partidua eta nola egin behar izan nituen ahaleginak nire burua kontrolatu eta txorakeriak ez egiteko. Askok esan dute berandu iritsi zela igazko Grand Slama, belaunaldi baten amaiera zela eta horretan amaituko zela irlandarren balentria. Nik ordea behar bezalakao errelebo bat ikusten dut Irlandar, jokalari beteranoak oraindik gai dira piska batean, zergaitik ez urte batzuetan oraindik, gerra emateko, ez dut sinestu nahi O´Connel, Hayes, Horan, Stringer O´gara D´Arcy eta batez ere O´driscoll akabatuta daudenik, ... eta hau gutxi ez balitz atzetik txanda eskatzen datozenen maila ez da txantxetakoa, hobea izango ez bada, hogeita urte gutxi batzuk baino ez dituzten jokalari belaunaldi bikaina dator Irlanda urte askotan goian edukitzeko moduan, batzuk aipatzekotan : Sexton, Ferris, Heaslip, Kearney, O´Leary... hauetako batzuk kendu diete lekua jokalari mitikoei jadanik. Alde dute beraz motibazioa, nazio oso eta bakar bati poz gehiago emateko duten gogoa, eta gainera sinestu egiten dute. Aurka edukiko dute Londresen eta Parisen jokatu beharra, baina badkigu zein burugogorrak diren irlandarrak, ez ote da hau ere beste motibazio iturri bilakatuko?