![](https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEi6hk7n8zjfu_rH7CVn1LXFSahGytFZ9TZaC_rbB7I37RHqEjCwDs3kO3PLNhCssjv_yqYB8J0xkAHh7GKHGNtNctA-dDp_R_YMNwBHUZjmoQpfaNHvTO8izZYP7EUK-4N_w603YWPyMlyk/s320/dupuy.jpg)
Errugbiak, historikoki, fama txarra izan du beti. Kirol honen zaletuok zenbat ordu pasa ote dugu ezagutzen ez duen jendeari errugbiak dituen kiroltasun eta talde lan bertuteak azaltzen, eta bortitz fama alde batera uzten. Ez da honen bueltan berriro aritzea sarrera honen xedea, baina azken aldían gertatu diren pare bat gauza komentatu nahiko nituzke honen ildotik. Hain zuzen, zabaldu nahi dugun izen on hori zikintzen duten bi gertaera.
Lehena joan den urteko Guiness premiershipeko (Ingalaterrako liga) azken jardunaldietan gertatu zen. Harlequins taldeko jokalari batek ahoan odola zuenaren plantak egin zituen aldaketa bat behartzeko. Aldaketak agortuak zituen Harlequins taldeak, eta araudiak baimentzen duen "odolak behartutako aldaketa " batetaz baliatu ziren Londreskoak. Odola ordea gezurretazkoa zen, txantxetako dendatan saltzen dituzten odol kapsula batez profitatu zen jokalari bat aldaketa behartzeko. Hasera batean jokalariari itzelezko zigorra ezarri zitzaion, baina honek aginduak betetzen zituela argudiatu; eta berari zigorra arindu zioten bai, baina entrenatzaileari eta taldeko managerrari ereduzko zigorrak ezarri zizkieten. Ohorezko kirola izaki, ezin daiteke halako portaerarik onartu. Bloodgate izena hartu zuen aferak, eta nire iritziz errugbiak hartu duen norantzaren ondorioetako bat besterik ez da. Diruak presio gehiago egiten du ohoreak baino.
Bestea joan den aste bukaera honetan gertatu da Belfasten. Lehian Ulster eta Stade Française. Heineken kopako partidu honetan gauza arrunt itsusia ikusi genuen eskas batean Parisko taldeko Dupuy uztartze erdiak eta bere taldekide Attoubek, irlandar taldeko hirugarren lerroko Stephen Ferris begietan hatzez erasotu zutenean. Uda honetan ikusi nituen Belfastekoak Baionan jolasten; egia esan nahiko zikin jokatzen dute bere aurrelariek, ez zitzaikidan batere gustatu, baina honek ez du sekula justifikatuko jokalari baten osasuna era ain zikinean jokoan jartzea. Honek errugbiaren izen ona ilundu besterik ez du egiten. Disziplina batzordeak deituak ditu bi jokalari frantziarrak, eta diotenez urtebeteko zigorra ere jaso dezakete. Hala bada, ederki merezia izango dute. (Argazkia Balon Oval)
No hay comentarios:
Publicar un comentario