domingo, 20 de diciembre de 2009

Eliteko euskal rugbyaz


Gaurko lerro hauetan eliteko euskal errugbiari buruzko pare bat hausnarketa egin nahiko nituzke. Izenburua agian ez da egokiena izango, azken finean hegoaldeko errugbiaz hitzegin nahi dudalako, argi eta garbi dago zein den Euskal Herrian jolasten den eliteko errugbia: Miarritzen eta Baionan jolasten dena(euskal jokalari gehiagok jokatuko balute han ere, hobe, baina hori beste mundu bat da!).
Azken urtean, eta batez ere azken asteotan, berri asko eman ditu goi mailako euskal hegoaldeko errugbiak: Ohorezko mailako taldeen norabide ezberdinak, Ohorezko mailako taldeen ahalegina, Korsarioak... azken hauetaz beste batean hitzegingo dugu , SIR berria jokatzen denean edo(jokatuko bada), baina lehiaketa honekin bat ez natorrela aurreratuko dut, ez zait formula gustatzen.
Ordizian nire ustez nahiko ongi ari dira egiten gauzak, atzerriko fitxaketekin berriro ere asmatu dute, eta kasuren batean zortea eduki ere bai, izan ere Tom Dillon bezalako jokalari puska bat interes antropolgikoak ekarri bait du Euskal Herrira (beste arrazoi askoren artean noski). Baina Goierritarren berririk onena niretzat harrobitik datozen gazteak konplexurik gabe eta maila ona emanez Ohorezko mailan jolasten ikustea da. Iruarriz eta Goia bezalakoak luxu bat dira edozein talderentzat, ongi egindako lanaren emaitza.
Guztiz kontrakoa niretzat Gernikatik datozen berriak. Bai, ohorezko mailako sorpresa izan dira, partidu oso onak egin dituzte, espero ez zuten tokian daude taulan,... baina talde honek hartu duen bidea ez zait gustatzen. Taldea atzerritarrez gainezka (eta batzuen maila zalantzazkoa, polemika futbolero tipikoen gisan denboraldia hasi eta gutxira taldea uzten dutenen kasua aipatzeke!), ohorezko mailako talde gehienen aurrekontua bikoizten du (eta diferentzia hau bizkaitarren poltsikoak ordaintzen du, diputazioak ematen duen babes ekonomikoa medio, ez dakit zenbat jasotzen duten bizkaiko beste taldeek bertatik baina beldur naiz ez ote den gutxi edo ezer ere ez izango). Talde honen erronka beraz aurrekontuak mantendu ahal izatea urtez urte ,... eta harrobia, ai harrobia! Ez nuke Gernikako gazteen mailako jokalari baten lekuan egon nahi panorama hau ikusita, zein ilusiorekin jolas dezakete gazte hauek? zein aurpegi gelditu zaie taldea gorenera igo eta taldetik at gelditu direnei? ... talde bakoitzak askatasuna du nahi duena egiteko noski. Niri, pertsonalki, aurrekontu ekonomikoetan oinarritutako filosofiak ez zaikit gustatzen. Dirua edukitzea edo ez edukitzea zirkunstantziala da (zenbat dorre erori ote dira), lana eta lan egiten jakitea inork ken ez lezakeen aberastasuna da ordea.
Ohorezko B mailan gauzak antzera daude. Gernika igo zen, Hernani berriz ere goian , igotzeko borrokatzen eta aurten gainera inoiz ez bezala (bultza Hernani, aurten bai!), Atletikoren tokia Eibarrek hartu zuen eta, tamalez, nekez eutsiko diote mailari. Sorpresa Getxotik dator. Talde jeitsi berriari beste maila bat suposatzen zitzaion, baina ulertu behar dena zera da, talde berria dela ia ia; lehengo urteko jokalari gehienak joan ziren, zuzendaritza berria dute... Brice Bevin ekarri dute epe ertainera Getxo berri bat sortzeko asmoarekin. Erronkari pazientziaz eusten badiote, zihur lortuko dutela berriro ere goian egotea, Nerbioiko eskuin ibarrean beti sortu izan dira eta errugbilari onak.
Eta erronkez eta pazientziaz ari garela Bera Beraz hitzegiten amaituko dut gaur. Uda amaieran berri bitxi batekin arritu gintuzten, nonbait Korsarioetako esperientzia gustoko edo, epe ertainera euskal jokalariz bakarrik hornitutako eliteko errugbi talde bat sortzea. Nire ustez gehiegi berotu ziren, agian konbokatoria arrakastatsuagoa espero zutelako edo... baina emaitzak ez diete lagundu, eta azkenean (iaz bezanbesteko atzerritar kopuru berdinarekin)abenduak bere hondarrak eman baina lehen entrenatzaileak kargutik kendu dituzte eta ondorioz epe ertaineko proiketua ere bai (hauek izan behar zuten proiektua gidatuko zutenak. Errugbian, eta bizitzako alor guztietan, epe ertainera eta luzera aldaketa handiak egin nahi ditugunean ezinbestekoak dira, konpromezua, ilusioa, proiektua norberak sinestea, eta batez ere haserako zailtasunak aurreikustea... azkarregi etsi dute donostiarrek. Hain grabea litzateke ohorezko B mailara jeistea eta bertatik urtebetan, bitan edo hirutan proiektua sendotu eta gauzatzea? Jeitsierari halako beldurra edukitzea susmagarria iruditzen zait.
Ez zait hain txarra iruditzen elitezko euskal talde erreferente baten sorrera, baina honek talde ezberdinen arteko elkar ulertzetik, adostasunetik eta elkarlanetik etorri behar du. Abangoardiarik gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario