miércoles, 23 de diciembre de 2009

Errugbia komunikabideetan


Azken egun hauetan errugbiaren mundutik datorren albiste batek asaldatu ditu errugbiaz inoiz arduratzen ez direnak. Albistea, berez ez dator errugbiaren mundutik, albistea eragin duen pertsona da errugbiaren mundutik datorrena.
Inor nahasten hasi baino lehen, Gareth Thomasen inguruko berriaz ari naizela argituko dut. Mundu guztiak badaki orain, Gareth Thomas Cardiff Blues taldeko
atzelari galestarra homosexuala dela. Berak aitortu zuen prentsaren aurrean, bere buruari zor ziolako batetik, eta errugbi munduan egon daitekeen homofobia arrasto ororen aurka egiteko bestetik. Tamalgarria da oraindik inork bere nortasun sexualaren berri eman behar izatea, baina garbi dago oraindik zenbait girotan beharrezkoa dela. Alde horretatik bejondeiola Thomas jaunari.
Ez da ordea berri honen inguruko balorazioa egitea gaurko sarrera honen helburua. Berria bera, hain berri mediatikoa bihurtu izana baizik. Zihurraski espainiar estatuko prentsan inor gutxik ezagutuko ditu jokalari honen balentriak,are gutxiago errugbiaren historia osoko entsegu egileen rankingean bederatzigarrena dela Gareth Thomas bera. British Lionsetako kapitaina ere izandakoa den honek 100 bider jantzi du Galesko elastiko gorria, eta hori erraz esaten da. Baina hori sekula ez da izan Marca egunkariko portada; noiz agertu da errugbiko berri bat egunkari honetako lehen orrialdean? Ez dut ia inoiz erosten, baina lasai lasai esango dut inoiz ere ez dela halakorik gertatu. Thomas homosexuala dela lehen orrian ikusi genuen baina, eta telebistako albistegietan, eta errugbiaz sekulasantan hitzegiten ez duten tokietan. Morboak eta sentsazionalismoak bultzatuta bakarrik hurbiltzen dira komunikabideak errugbira, joan den urtean Sebastian Chabalek Italian jokatutako partida baten osteko hirugarren denboran eragin zuen borrokaldian gertatu zen bezala.
ETB3k astero eskeintzen digun 4.denbora saio bikainaz aparte (ea noiz jartzen duten lehen katean ETBk duen saio onena den hau), errugbiak telebistan duen presentzia hutsaren hurrengoa da. Cesar Sempere jokalaria nor den espainian jende guztiak daki, porno izar ohi batekin oheratu omen zelako, inor gutxik jakingo du ordea zein taldetan aritu den, duela aste gutxi eta arrazoi pertsonalek bultzatuta errugbia epe batez uztea erabaki duen arte.
Gareth Thomasek, bere homosexualtasuna azaldu zuen elkarrizketa berdinean adierazi zuen ez duela historiara errugbilari homosexual hura bezala pasa nahi. Kirol hau batere interesatzen ez zaien medioen aurrean jai dauka. Baina errugbia maite dugunon begietan eta oroimenean, bere entseguak, bere kuraia, eta batez ere bere plakaje bortitz baina ederrak nagusituko dira. Eta bere ausardia.

domingo, 20 de diciembre de 2009

Eliteko euskal rugbyaz


Gaurko lerro hauetan eliteko euskal errugbiari buruzko pare bat hausnarketa egin nahiko nituzke. Izenburua agian ez da egokiena izango, azken finean hegoaldeko errugbiaz hitzegin nahi dudalako, argi eta garbi dago zein den Euskal Herrian jolasten den eliteko errugbia: Miarritzen eta Baionan jolasten dena(euskal jokalari gehiagok jokatuko balute han ere, hobe, baina hori beste mundu bat da!).
Azken urtean, eta batez ere azken asteotan, berri asko eman ditu goi mailako euskal hegoaldeko errugbiak: Ohorezko mailako taldeen norabide ezberdinak, Ohorezko mailako taldeen ahalegina, Korsarioak... azken hauetaz beste batean hitzegingo dugu , SIR berria jokatzen denean edo(jokatuko bada), baina lehiaketa honekin bat ez natorrela aurreratuko dut, ez zait formula gustatzen.
Ordizian nire ustez nahiko ongi ari dira egiten gauzak, atzerriko fitxaketekin berriro ere asmatu dute, eta kasuren batean zortea eduki ere bai, izan ere Tom Dillon bezalako jokalari puska bat interes antropolgikoak ekarri bait du Euskal Herrira (beste arrazoi askoren artean noski). Baina Goierritarren berririk onena niretzat harrobitik datozen gazteak konplexurik gabe eta maila ona emanez Ohorezko mailan jolasten ikustea da. Iruarriz eta Goia bezalakoak luxu bat dira edozein talderentzat, ongi egindako lanaren emaitza.
Guztiz kontrakoa niretzat Gernikatik datozen berriak. Bai, ohorezko mailako sorpresa izan dira, partidu oso onak egin dituzte, espero ez zuten tokian daude taulan,... baina talde honek hartu duen bidea ez zait gustatzen. Taldea atzerritarrez gainezka (eta batzuen maila zalantzazkoa, polemika futbolero tipikoen gisan denboraldia hasi eta gutxira taldea uzten dutenen kasua aipatzeke!), ohorezko mailako talde gehienen aurrekontua bikoizten du (eta diferentzia hau bizkaitarren poltsikoak ordaintzen du, diputazioak ematen duen babes ekonomikoa medio, ez dakit zenbat jasotzen duten bizkaiko beste taldeek bertatik baina beldur naiz ez ote den gutxi edo ezer ere ez izango). Talde honen erronka beraz aurrekontuak mantendu ahal izatea urtez urte ,... eta harrobia, ai harrobia! Ez nuke Gernikako gazteen mailako jokalari baten lekuan egon nahi panorama hau ikusita, zein ilusiorekin jolas dezakete gazte hauek? zein aurpegi gelditu zaie taldea gorenera igo eta taldetik at gelditu direnei? ... talde bakoitzak askatasuna du nahi duena egiteko noski. Niri, pertsonalki, aurrekontu ekonomikoetan oinarritutako filosofiak ez zaikit gustatzen. Dirua edukitzea edo ez edukitzea zirkunstantziala da (zenbat dorre erori ote dira), lana eta lan egiten jakitea inork ken ez lezakeen aberastasuna da ordea.
Ohorezko B mailan gauzak antzera daude. Gernika igo zen, Hernani berriz ere goian , igotzeko borrokatzen eta aurten gainera inoiz ez bezala (bultza Hernani, aurten bai!), Atletikoren tokia Eibarrek hartu zuen eta, tamalez, nekez eutsiko diote mailari. Sorpresa Getxotik dator. Talde jeitsi berriari beste maila bat suposatzen zitzaion, baina ulertu behar dena zera da, talde berria dela ia ia; lehengo urteko jokalari gehienak joan ziren, zuzendaritza berria dute... Brice Bevin ekarri dute epe ertainera Getxo berri bat sortzeko asmoarekin. Erronkari pazientziaz eusten badiote, zihur lortuko dutela berriro ere goian egotea, Nerbioiko eskuin ibarrean beti sortu izan dira eta errugbilari onak.
Eta erronkez eta pazientziaz ari garela Bera Beraz hitzegiten amaituko dut gaur. Uda amaieran berri bitxi batekin arritu gintuzten, nonbait Korsarioetako esperientzia gustoko edo, epe ertainera euskal jokalariz bakarrik hornitutako eliteko errugbi talde bat sortzea. Nire ustez gehiegi berotu ziren, agian konbokatoria arrakastatsuagoa espero zutelako edo... baina emaitzak ez diete lagundu, eta azkenean (iaz bezanbesteko atzerritar kopuru berdinarekin)abenduak bere hondarrak eman baina lehen entrenatzaileak kargutik kendu dituzte eta ondorioz epe ertaineko proiketua ere bai (hauek izan behar zuten proiektua gidatuko zutenak. Errugbian, eta bizitzako alor guztietan, epe ertainera eta luzera aldaketa handiak egin nahi ditugunean ezinbestekoak dira, konpromezua, ilusioa, proiektua norberak sinestea, eta batez ere haserako zailtasunak aurreikustea... azkarregi etsi dute donostiarrek. Hain grabea litzateke ohorezko B mailara jeistea eta bertatik urtebetan, bitan edo hirutan proiektua sendotu eta gauzatzea? Jeitsierari halako beldurra edukitzea susmagarria iruditzen zait.
Ez zait hain txarra iruditzen elitezko euskal talde erreferente baten sorrera, baina honek talde ezberdinen arteko elkar ulertzetik, adostasunetik eta elkarlanetik etorri behar du. Abangoardiarik gabe.

martes, 15 de diciembre de 2009

Joko zikina


Errugbiak, historikoki, fama txarra izan du beti. Kirol honen zaletuok zenbat ordu pasa ote dugu ezagutzen ez duen jendeari errugbiak dituen kiroltasun eta talde lan bertuteak azaltzen, eta bortitz fama alde batera uzten. Ez da honen bueltan berriro aritzea sarrera honen xedea, baina azken aldían gertatu diren pare bat gauza komentatu nahiko nituzke honen ildotik. Hain zuzen, zabaldu nahi dugun izen on hori zikintzen duten bi gertaera.
Lehena joan den urteko Guiness premiershipeko (Ingalaterrako liga) azken jardunaldietan gertatu zen. Harlequins taldeko jokalari batek ahoan odola zuenaren plantak egin zituen aldaketa bat behartzeko. Aldaketak agortuak zituen Harlequins taldeak, eta araudiak baimentzen duen "odolak behartutako aldaketa " batetaz baliatu ziren Londreskoak. Odola ordea gezurretazkoa zen, txantxetako dendatan saltzen dituzten odol kapsula batez profitatu zen jokalari bat aldaketa behartzeko. Hasera batean jokalariari itzelezko zigorra ezarri zitzaion, baina honek aginduak betetzen zituela argudiatu; eta berari zigorra arindu zioten bai, baina entrenatzaileari eta taldeko managerrari ereduzko zigorrak ezarri zizkieten. Ohorezko kirola izaki, ezin daiteke halako portaerarik onartu. Bloodgate izena hartu zuen aferak, eta nire iritziz errugbiak hartu duen norantzaren ondorioetako bat besterik ez da. Diruak presio gehiago egiten du ohoreak baino.
Bestea joan den aste bukaera honetan gertatu da Belfasten. Lehian Ulster eta Stade Française. Heineken kopako partidu honetan gauza arrunt itsusia ikusi genuen eskas batean Parisko taldeko Dupuy uztartze erdiak eta bere taldekide Attoubek, irlandar taldeko hirugarren lerroko Stephen Ferris begietan hatzez erasotu zutenean. Uda honetan ikusi nituen Belfastekoak Baionan jolasten; egia esan nahiko zikin jokatzen dute bere aurrelariek, ez zitzaikidan batere gustatu, baina honek ez du sekula justifikatuko jokalari baten osasuna era ain zikinean jokoan jartzea. Honek errugbiaren izen ona ilundu besterik ez du egiten. Disziplina batzordeak deituak ditu bi jokalari frantziarrak, eta diotenez urtebeteko zigorra ere jaso dezakete. Hala bada, ederki merezia izango dute. (Argazkia Balon Oval)

lunes, 14 de diciembre de 2009

Gaur elikatzen dugun zurrunbiloak, bihar irentsiko gaitu


Errugbi ligak gabonetako geldialditxoa egin duenez, kirol honen inguruan azken urtean Egon diren aldaketa batzuez jarduteko aprobetxatuko dut. Jakina denez, ez daude oso hurrun errugbia erabat amateurra zeneko garaiak. Ikuspegi erromantiko batez gogoratzen ditut, amateurtasuna harrotasunez ahotan genueneko garaia: “futbola erabat ustelduta dago, gure kirolean aldiz betiko kirol baloreak manten ditzakegu inoren babaruunak jokoan ez daudelako!” zenbatetan esan ote diegu hori futboleroei... gauzak jakina, aldatuz joan ziren, eta sasi-profesionaltasuna erabatekoa zela konturatuta batetik (jokalariak beste edozein gauzatako kontratuekin erabat errugbian murgilduta, zenbat udaltzain/errugbilari egongo ote zen Frantzian , Ingalaterran edo Galesen 80ko hamarkadan!), eta hego hemisferioko jokalarien migrazio profesionalak hasi zirela ikusita bestetik jokalari profesionalaren figurari zegokion statusa eman zitzaion amateurtasun historiko/erromantikoarekin amaituz.
90. hamarkadan bizi izan genuen aldaketa hori, eta besteak beste jokalarien prestakuntza fisiko eta teknikoan aldaketak ikusten joan ginen. Honek besteak beste “ostikatzaileen tirania” ekarri zuen, egunean makina bat orduz hagetarako ostikoen entrenamendu espezifikoan iaiotutako ostikalari profesionalen ordua iritsi zen, nire eritziz jokoan erabat motelduz eta aspertuz. Hirugarren lerroko jokalariak ziruditen 3/4eko jokalariak ikusten hasi ginen, eta Jonah Lomu izeneko morrosko hegaleko bat, mundu osoko errugbilarien lilura bilakatu zen.
Guzti hau ulertzekoa da errugbia errotuta dagoen herrialde batzuetan gertatzea. Alde erromantikoa utzi, eta profesionaltasunerako baliabideak aurkitzeko modua badagoenez pausu hori ematea(esate baterako jokalariak mediatikoak izan daitezke, eta jendeak errugbia ikusteko ordain dezake, edo publizitatea errentagarria izan daiteke ikusleen kopurua kontutan edukita). Gainera ez dugu ahaztu behar garai honetan errugbilari askok jadanik profesionala zen Rugby League, edo XIIIko sasi-rugbyra salto egin zutela, hau da, talentua kirolez aldatzen ari zela.
Baina nik oso bestelakoa ikusten dut egoera hemen. Gustatu ala ez gustatu, hemen errugbia kirol minoritarioa da oraindik, eta izango da urte askotan. Eduki daiteke ilusioa, gogoa, grina, kasketa… eta kirol hau garatzeko munduko ideiarik politenak, baina hemen ez dago errugbirako kulturarik, biztanlegoaren %90ak oraindik errugbia kasko eta sorbaldetako babesekin jolasten den kirol hori dela uste du eta! Nik uler dezaket, talentua duten jokalari gazteek profesional izateko grina edukitzea, hortaz bizi nahi izatea,… baina itsas lamien kantuak dira beraien belarriak goxatzen dituztenak, besterik ez, eta norbaitek zeozer egin beharko lukeela iruditzen zait, fartsa honekin guztiarekin amaitzeko. Gaur egun estatuan dagoen egoera hau da, bi hitzetan: Talde gutxi batzuek urtean hilabete batzuez jokalari batzuei sasi soldata batzuek emateko lain lor dezakete (nekez baina!), kontraturik ez, etorkizunerako planik ez,… hori ez da profesionala izatea, eta hori epe motz-ertainean aldatzeko aukera dagoela uste duena inuxente hutsa da. Esaera zaharrak dion bezala “bururik ez, txapela nahi”. Baina gaixorik dagoen abereei gertatzen zaien bezala, osasun ona ez izateak ez du esan nahi parasitoentzat gustagarria ez izatea, alderantziz. Nik parasitoen tartean jarri nahiko nituzke, dauden lau ogi koskorrak jan lituzketen bi talde:
Batetik kalitate zalantzagarria duten jokalari atzerritarrak: honekin ez dut esan nahi atzerritik datorren jokalari oro talde honetan egon behar duenik. Kanpotik asko aportatzen duten jokalari atzerritarrak etortzen dira (gogoan ditut Ordiziako Gray, Dillon, Huxford,… edo Salvadorreko Van Eyck esate baterako), asko aportatzen dute beraien jokoarekin eta bertako jokalariei erakusten dietenarekin; baina hauek gutxiengo bat dira eta hala izan behar du, hemen errugbia noizbait garatuko bada. Atzerritik eta batez ere Argentinatik (han errugbia garatuagoa dago eta kalitatea du, baina zeozergaitik ez da han kirol hau profesionala), kalitate ez hain altuko jokalari andana etortzen da urtero eta bueltatzen da urtero beraien herrialdeetara, eta honek kirolaren kalitatean aldaketa ez bermatzeaz gain errubi taldeen ekonomiari zulo galanta egiten dio (posible ote zuloa oraindik gehiago handitzea?).. baina tira hori jokalariok “kontratatzen” dituzten taldeek ikusi behar dute, eta bestela, hor konpon marianton…
Parasitoen beste taldea nire iritziz (beti nire iritzi pertsonala kontuz!) Itsas lami kantariak dira: Balizko Itaka profesional baten bila dabiltzan jokalari eta zaletuen belarriak goxatzen dituzten itsas lami kantariak, hau Zeelanda Berria bailitzan. Talde honetan sartuko nituzke zenbait “kazetari”, “bitartekari”, eta sasizko liga sasiprofesional “antolatzaile”… tristea da gero ez dagoenetik bizi nahi izatea.
Honek guztiak kalteak ekarriko ditu epe laburrean nire iritziz: Lehenengo jokalariengan ilusio faltsuak piztea eta beraien etorkizunarekin jolastea; eta bigarren, zurrunbilo honetan nahastu diren talde askoren egiturak ezezik, bertan sartu nahi ez dutenen egitura landu eta izerditutakoak ere kolokan jartzea, oinarriko errugbiaz ari naiz noski, batzuek besteengandik behar dute, eta aldamenekoaren etxea jausten bada… Honetaz beste batean hitzegingo dugu.
Bien bitartean eta zurrunbilo honetan Hernanik hartu duen zentzuzko bideagaitik: BULTZA HERNANI (gaur maiuskulatan).

domingo, 13 de diciembre de 2009

Durango 5 Hernani 34

Blogari berri baten hanka sartzeak... birritan idatzi dut sarrera honen izenburua.
Ba hori, ez nuen Durangora joaterik izan baina jakin dut partiduaren berri (ederki kostata, hori bai). Berriro ere irabazle itzuli dira Hernaniarrak eta bigarren buelta ere primeran hasi da Landareko taldearentzat.Lehen zatiaren lehenengo partean gauzak zail jarri zituzten durangarrek eta atsedenaldiak 12-0ko markagailua erakutsi zuen. Bigarren zatian kostata , baina bonus ofentsiboa ematen duen laugarren entsegua erdietsi zuten hernaniarrek. Amaieran 13 jokalarirekin ari zen Hernaniko taldea eta durangarrek entsegu bat egiteko profitatu zuten abantaila, hala ere seigarren entsegua ere iritsi zen hernaniarrentzat eta 5-34ko garaipenarekin bueltatu ziren etxera. Momentu honetan bost puntutako aldea ateratzen dio F.C Barcelona taldeari eta zortzikoa BUC hirugarren sailkatuari; azken honekiko abantaila handitzeko aukera paregabea datorren urtarrilaren 10ean Landaren eguerdiko 12etan, aurreko denboraldian bezain ondo jokatu ezkero zihur baietz, bultza Hernani!

jueves, 10 de diciembre de 2009

Durango-Hernani


Aste bukaera honetan Durangon izango dugu seniorren lehen taldea. Iragan asterako iragarritako partidua jokatuko dute eta ohorezko B mailako bigarren bueltari hasiera emango diote. Lehen bueltak ilusioz bete gaitu Hernaniko jarraitzaileak, eta klasifikazio taula harrotasunez begiratzen badugu ere, hortzak inoiz baina gehiago estutu behar dira. Zihur partidu zaila izango dela Durangokoa, joan den urtean ere nerbioak dantzan eta estu estu bueltatu ginen Durangora hurbildutakoak. Taulan beherago badaude ere, zihur urdinek gogor estutuko dutela eta bere zelaian duten guztia emango dutela. Ez dugu ahaztu behar atzetik datozen Bartzelonako bi taldeak ere hutsik ia egin gabe datozela, eta Urtarrilaren 10ean BUCen aurrean joan den urteko bezalako partidu puska egin ahal izateko lasaitasun pixka bat bilatu beharko dutela hernaniarrek Durangon irabazita. Bultza Hernani! (argazkia DRT)

Blog berri baten lehen urrats traketsak

Blogak barra barra dauden garai hontan, dexente kosta zait txapa emateko herramienta hau erabiltzen hasteko erabakia hartzea. Ez dakit idazteko nahikoa mami izango dudan, baina gogoa eta ilusioa bai. Gogoa eta ilusio errugbiaz idazteko, han eta hemen topatzen dudana komentatzeko eta gomendatzeko, eta batez ere Hernaniko errugbi taldea bultzatzeko. Duen historiagaitik, eman dizkidan momentuengaitik, eta batez ere errugbiak gaur hartu duen tenorean pentsamolde bat eta errugbia bizitzeko modu bat defendatzen duen irmotasunagaitik: Bultza Hernani!