![](https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEioMjfoAnS0ld9QwBN3hqLDGvAQmQFx_lrpPJAfTwJ93oJH1KFe2lJtSQDG2ORg1ryVoo_mTOuyqJfEq9Cr7cXrl3bLqdjm1nRAjtUrj3J9HsUNDulZuVdtUmy4mBfm9RecO3TG-Nq4qKVa/s320/jonah+Lomu.jpg)
Errugbi ligak gabonetako geldialditxoa egin duenez, kirol honen inguruan azken urtean Egon diren aldaketa batzuez jarduteko aprobetxatuko dut. Jakina denez, ez daude oso hurrun errugbia erabat amateurra zeneko garaiak. Ikuspegi erromantiko batez gogoratzen ditut, amateurtasuna harrotasunez ahotan genueneko garaia: “futbola erabat ustelduta dago, gure kirolean aldiz betiko kirol baloreak manten ditzakegu inoren babaruunak jokoan ez daudelako!” zenbatetan esan ote diegu hori futboleroei... gauzak jakina, aldatuz joan ziren, eta sasi-profesionaltasuna erabatekoa zela konturatuta batetik (jokalariak beste edozein gauzatako kontratuekin erabat errugbian murgilduta, zenbat udaltzain/errugbilari egongo ote zen Frantzian , Ingalaterran edo Galesen 80ko hamarkadan!), eta hego hemisferioko jokalarien migrazio profesionalak hasi zirela ikusita bestetik jokalari profesionalaren figurari zegokion statusa eman zitzaion amateurtasun historiko/erromantikoarekin amaituz.
90. hamarkadan bizi izan genuen aldaketa hori, eta besteak beste jokalarien prestakuntza fisiko eta teknikoan aldaketak ikusten joan ginen. Honek besteak beste “ostikatzaileen tirania” ekarri zuen, egunean makina bat orduz hagetarako ostikoen entrenamendu espezifikoan iaiotutako ostikalari profesionalen ordua iritsi zen, nire eritziz jokoan erabat motelduz eta aspertuz. Hirugarren lerroko jokalariak ziruditen 3/4eko jokalariak ikusten hasi ginen, eta Jonah Lomu izeneko morrosko hegaleko bat, mundu osoko errugbilarien lilura bilakatu zen.
Guzti hau ulertzekoa da errugbia errotuta dagoen herrialde batzuetan gertatzea. Alde erromantikoa utzi, eta profesionaltasunerako baliabideak aurkitzeko modua badagoenez pausu hori ematea(esate baterako jokalariak mediatikoak izan daitezke, eta jendeak errugbia ikusteko ordain dezake, edo publizitatea errentagarria izan daiteke ikusleen kopurua kontutan edukita). Gainera ez dugu ahaztu behar garai honetan errugbilari askok jadanik profesionala zen Rugby League, edo XIIIko sasi-rugbyra salto egin zutela, hau da, talentua kirolez aldatzen ari zela.
Baina nik oso bestelakoa ikusten dut egoera hemen. Gustatu ala ez gustatu, hemen errugbia kirol minoritarioa da oraindik, eta izango da urte askotan. Eduki daiteke ilusioa, gogoa, grina, kasketa… eta kirol hau garatzeko munduko ideiarik politenak, baina hemen ez dago errugbirako kulturarik, biztanlegoaren %90ak oraindik errugbia kasko eta sorbaldetako babesekin jolasten den kirol hori dela uste du eta! Nik uler dezaket, talentua duten jokalari gazteek profesional izateko grina edukitzea, hortaz bizi nahi izatea,… baina itsas lamien kantuak dira beraien belarriak goxatzen dituztenak, besterik ez, eta norbaitek zeozer egin beharko lukeela iruditzen zait, fartsa honekin guztiarekin amaitzeko. Gaur egun estatuan dagoen egoera hau da, bi hitzetan: Talde gutxi batzuek urtean hilabete batzuez jokalari batzuei sasi soldata batzuek emateko lain lor dezakete (nekez baina!), kontraturik ez, etorkizunerako planik ez,… hori ez da profesionala izatea, eta hori epe motz-ertainean aldatzeko aukera dagoela uste duena inuxente hutsa da. Esaera zaharrak dion bezala “bururik ez, txapela nahi”. Baina gaixorik dagoen abereei gertatzen zaien bezala, osasun ona ez izateak ez du esan nahi parasitoentzat gustagarria ez izatea, alderantziz. Nik parasitoen tartean jarri nahiko nituzke, dauden lau ogi koskorrak jan lituzketen bi talde:
Batetik kalitate zalantzagarria duten jokalari atzerritarrak: honekin ez dut esan nahi atzerritik datorren jokalari oro talde honetan egon behar duenik. Kanpotik asko aportatzen duten jokalari atzerritarrak etortzen dira (gogoan ditut Ordiziako Gray, Dillon, Huxford,… edo Salvadorreko Van Eyck esate baterako), asko aportatzen dute beraien jokoarekin eta bertako jokalariei erakusten dietenarekin; baina hauek gutxiengo bat dira eta hala izan behar du, hemen errugbia noizbait garatuko bada. Atzerritik eta batez ere Argentinatik (han errugbia garatuagoa dago eta kalitatea du, baina zeozergaitik ez da han kirol hau profesionala), kalitate ez hain altuko jokalari andana etortzen da urtero eta bueltatzen da urtero beraien herrialdeetara, eta honek kirolaren kalitatean aldaketa ez bermatzeaz gain errubi taldeen ekonomiari zulo galanta egiten dio (posible ote zuloa oraindik gehiago handitzea?).. baina tira hori jokalariok “kontratatzen” dituzten taldeek ikusi behar dute, eta bestela, hor konpon marianton…
Parasitoen beste taldea nire iritziz (beti nire iritzi pertsonala kontuz!) Itsas lami kantariak dira: Balizko Itaka profesional baten bila dabiltzan jokalari eta zaletuen belarriak goxatzen dituzten itsas lami kantariak, hau Zeelanda Berria bailitzan. Talde honetan sartuko nituzke zenbait “kazetari”, “bitartekari”, eta sasizko liga sasiprofesional “antolatzaile”… tristea da gero ez dagoenetik bizi nahi izatea.
Honek guztiak kalteak ekarriko ditu epe laburrean nire iritziz: Lehenengo jokalariengan ilusio faltsuak piztea eta beraien etorkizunarekin jolastea; eta bigarren, zurrunbilo honetan nahastu diren talde askoren egiturak ezezik, bertan sartu nahi ez dutenen egitura landu eta izerditutakoak ere kolokan jartzea, oinarriko errugbiaz ari naiz noski, batzuek besteengandik behar dute, eta aldamenekoaren etxea jausten bada… Honetaz beste batean hitzegingo dugu.
Bien bitartean eta zurrunbilo honetan Hernanik hartu duen zentzuzko bideagaitik: BULTZA HERNANI (gaur maiuskulatan).