miércoles, 20 de enero de 2010

Urrezko Kopa


Joan den larunbatean hasi zen jolasten aurtengo Urrezko Kopa. Lehiaketa hau euskadiko federazioak antolatzen du, eta bertan ohorezko mailako bi mailetan jokatzen duten taldeek hartzen dute parte. Lehenengo fasean Ohorezko B mailako taldeak aritzen dira nor baina nor, eta hauen artean irabazten duenak Ohorezko mailako hiru taldeekin batera urrezko kopa etxera eramngo duen taldea erabakitzeko ligaxka jokatzeko eskubidea irabaziko du. Aurten ez nago zihur, lehengo urtean bezalaxe, kopa irabazten duenak sari gisa Irlandako liga amateurreko irabazlearen aurka jokatzeko saria irabaziko ote duen. Lehengo urtean Gernikak irabazi zuen kopa eta Limerick konterriko Shannon RFC taldea izan zuten Urbietan jolasten (talde honetatik atera dira Peter Stringer, Jerry Flannery, John Hayes edo Marcus Horan bezalako jokalariak). Ohore handia , eta aukera aparta halako talde baten aurka aritzea, kopa bera baino sari atseginagoa. Ea aurten irlandarrak Landarera ekartzen ditugun. Hau gertatzea ez litzateke tontakeria izango, izan ere lehiaketa honen arau nagusietariko bat atzerritarrak mugatzearena bait da. Talde bakoitzeko hiru atzerritarrek bakarrik jolas dezakete, eta jakina da Hernanik ez duela arazorik arau honekin. Arerioak jokalari atzerritarrekin mugatuak izateaz gain, kontutan izango dugu baita ere, partidu hauek gehiegi jolasten ez duten jokalariek minutuak izan ditzaten profitatuko dituztela ohorezko mailako taldeek, batzuek mailari eusteko ligan zentratuak egongo direlako; eta besteak, etxeko jokalariek zelaia zapaltzeko gogoa ere izango dutelako.
Lehenengo ordea, lehen fasea gainditzea. Horretarako bidea Hernanik ondo hasi du, joan den astean Faduran 9-17 irabazi eta gero. Ondo esan dugu eta horretan utziko dugu emaitza ona izan zelako, ez hainbeste partidua. Hernaniarrek, defentsan serio azaldu ziren getxotarren aurka entsegu bakarra erdietsi ahal izan zuten eta Iraitz Garmendiaren ostiko bikainek eraman zituzten berdeak garaipenera. Ostikoak ere rugbyua dira noski, baina ez da aurten ikusi dugun partidurik onena.Hori bai, Oier Garmendiak lortutako entsegua oso polita izan zen, eta gainera telebistan ikusteko aukera izan genuen.
Fase honetako beste final erdia Eibarrek eta Durangok jolastu zuten , eta bizkaitarrak nagusitu ziren. Hortaz, finala (lehen fasekoa) asteburu honetan jolastuko da Landaren, Hernani eta Durango parez pare, Igandean eguerdiko 12etan. Idazten duen honek larunbatean denboraldiko sagardotegia izango du, eta ajeak uzten badio bertan izango da gelditzen zaion ahots pattarrero apurrarekin Bultza Hernani! ohiukatzen. Ajea urteberrikoaren tamainakoa bada, telebistan ikusi beharko, igandean baita ere, arratsaldeko 15:00etan ETB3an.