sábado, 30 de enero de 2010

Heineken Cup


Amaitu da Heineken cup bezala ezagutzen dugun europako kluben txapelketako lehen fasea. Pool edo sailkapen ligaxkako fase honek zortzi talderi eman die fianal laurdenak jokatzeko eskubidea, tartean lehian ari zen Euskal talde bakarra, Miarritzeko BOPB taldea. Guza bat Garbi utzi badu lehen fase honek zera da: Magners league eta Top14ko taldeen nagusitasun garbia, joko ikusgarririk egin gabe, erraz nagusitu zaizkie Guinness premiershipeko taldeei: Emaitzak hor daude, zortzirenetako sailkatu den talde ingeles bakarra Northampton Saints izan da. Zerikusia izango du zihurrenik aurten soldata mugatuaren implazntazioa Ingalaterrako errugbyan gauzatu izanak, datorren urtean Frantzian gauza bera gertatuko da, ea horrenbestekoa den eragina (honetaz arituko naiz beste batean, errugbyaz eta diruaz).
Final laurdenak lditu dira:
Munster-Northampton Saints
Biarritz-Ospreys
Toulouse-Stade Française
Leinster-Clermont
Final erdietan lehen bietako garaileak elkarren aurka, eta azken bietakoak nor baina nor.
Nire kiniela pertsonala egingo dut (arrazoi sentimentaletan oinarrituagoa teknikoetan baino), eta fianlerdi hauek aurretuko (nahiko) nituzke:
Biarritz- Munster
Stade Toulousain- Leinster
Finala Parisen, sarrerak jada agortuak.
Baina ametsak amets, lehenago jolastu beharko dira final laurdenak, gure zorionerako saioetako bat Donostian gainera, lapurtarrek Anoetan jokatuko dute Galesko Ospreysen aurkako final laurdenetako partidua. Sarrerak lortzea ez da gauza erraza izango, galestik 8000 bisitari etortzea espero bait da eta Donostian salduko diren sarrerak ez dira asko izango. Internetera adi egon beharko dugu. Zita urrun xamar gelditzen zaigu oraindik, Apirilak 10. Arituko gara hortaz bitartean luzeago.

Arerioa ezagutuz (II)


Arerioaz ezer gutxi dakit egia esan, aldaketa asko izan dituen talde bait da F.C Barcelona. Bere garaian Clubean garrantzia izan zuen sekzioa izan zen errugbikoa, baina urteak joan ahala babesa galdu zuen, urte batzuk beranduago Perpinyako USAP taldearekin adostutako hitzarmenari esker ohorezko mailara itzuli ziren duela urte batzuk. Maila galdu ostean ohorezko B mailan aritu ostean , Kataluniako liga erregionalean aritu ziren Bartzelonako BUC taldeari legua tusita. Urtez urte mailak igotzen hasi eta aurreko denboraldian lortu zuten Ohorezko B mailara itzultzea denboraldi bikain bat jolastu ostean.
Talde sendoa da Bartzelonakoa, Hernanin joaneko partiduan erakutsitakoaren arabera. Aurrelari handiak ditu eta oso indartsuak dira joko honetan. Hiru laurdenetako lerroetan era jokalari oso onak ditu, esate baterako Santboianan eta Espainiar selekzioan aritutako Camile Riu. Ez da kasualitatea beraz bigarren eta Hernanigandik puntu bakarrera egotea FC Barcelona, nahiz eta partidu bat gehiago jokatu duten, zihurrenik eta ala espero dugu, hauek izango dira hernanirekin batera play offetara joango direnak.
Ligan jokatutako azken partiduan Durango izan zuten arerio eta bizkaitarrak sorpresa ematekotan izan ziren gutxigaitik galdu, baina lehen zatian irabazten joan ostean.
Ea Hernani emaitza positiboa ekartzeko gai den bihar, Vall d´Hebrongo Taixonera zelaitik. Bultza Hernani!

viernes, 29 de enero de 2010

Urrezko kopa (II)


(argazkia HCRE)
Joan den igandean jolastu zen Urrezko kopako lehen faseko finala. Aipatu moduan Hernani eta Durango aritu ziren aurrez aurre Landaren eta partidu ikusgarrian etxekoak nagusitu ziren , ohoerezko mailako taldeen aurka bigarren fasea jokatzeko eskubidea eskuratuz. Zelaia bertsolari bat afalostean baino astunagoa zegoen, baina hala ere jokaldi ederrak ikusteko parada izan genuen, zuzenean eta telebistan gainera. Partidua hasi bezain laster aurrelariek indarrezko eta maisutasunezko entsegu bat erdietsi zuten, baloia zelai popioan maul batean hartu, kementsu bultzatzuz eta maula elegantziaz eta jakituriaz, berriro diot jakituriaz, mugituz, Arkaitz Otegik baloia durangarren entsegu marra atzean pausatu arte.
Partidua ez zen bere horretan gelditu, lehia bizia izan zen laurhogei minutuetan, zelaiak bestelako partidua jokatzeko gonbitea egiten bazuen ere; jokoa garbia eta bizia izan zen. Horren erakusgarri hernaniarren bigarren entsegua. Etxeberriak baloia entsegu marratik 65 metrotara hartu eta abiadura biziz ekin zion durangarren entsegu marrarako bideari, alboetara neurriz begiratu, eta banan bana durangarren hiru laurdenetako lerro guztia saiestu zuen bata bestearen atzetik lurrean utziaz. Azkenean baloia hagen azpian utzi zuen beraz aparte Garmendia anaiak ere alboetan lagun zituela, entsegu horrek 15 puntu balio ditu!
Atsedenaldia gertu zela markagailuak 12 eta 5eko emaitza erakusten zuen, nagusitasuna bai , baina ez hainbestekoa, zelaian bestelakoa zen ikusten zena. Hala ere hernaniarren beste entsegu parea ikusteko aukera izan genuen, zelaian hein handi batean bizkaitarren presioa eta nagusitasuna agerikoa bazen ere. Igor Genuaren beste lasterraldi bikain baten ostean (hau ere 50 metro ingurukoa), Jokin Esnalek berriro ezarri zuen baloia hagen azpian. Azkenean aurrelarien giltzurrunek entsegu klasiko bat gauzatu zuten Illarramendiren eskuetan. Azkenean 24-5eko emaitza, bi taldeak aritu ziren bikain.
Niretzat, emaitzaz aparte, Polidorik zuzendutakoek eskura jokatzeko erakutsitako grina izan zen. Apenas izan zen ostikorik, jokaldi guztiak, atze atzetik hasitakoak ere eskura jolasten hasten zituzten hernaniarrek, dudarik gabe modu honetara jolasteko hartu duten konfiantzaren seinale.
Ohorezko mailako hiru euskal taldeak orain arerio. Lehen partidua Urbietan Gernikaren kontra (ez dut gernikarren kontra idazteko asmorik), eta jarraian etorriko dira Anoetan Bera Beraren kontra eta Landaren Ordiziaren kontrako partiduak. Hauei buruz arituko gara aurrerago. Bultza Hernani!

miércoles, 20 de enero de 2010

Urrezko Kopa


Joan den larunbatean hasi zen jolasten aurtengo Urrezko Kopa. Lehiaketa hau euskadiko federazioak antolatzen du, eta bertan ohorezko mailako bi mailetan jokatzen duten taldeek hartzen dute parte. Lehenengo fasean Ohorezko B mailako taldeak aritzen dira nor baina nor, eta hauen artean irabazten duenak Ohorezko mailako hiru taldeekin batera urrezko kopa etxera eramngo duen taldea erabakitzeko ligaxka jokatzeko eskubidea irabaziko du. Aurten ez nago zihur, lehengo urtean bezalaxe, kopa irabazten duenak sari gisa Irlandako liga amateurreko irabazlearen aurka jokatzeko saria irabaziko ote duen. Lehengo urtean Gernikak irabazi zuen kopa eta Limerick konterriko Shannon RFC taldea izan zuten Urbietan jolasten (talde honetatik atera dira Peter Stringer, Jerry Flannery, John Hayes edo Marcus Horan bezalako jokalariak). Ohore handia , eta aukera aparta halako talde baten aurka aritzea, kopa bera baino sari atseginagoa. Ea aurten irlandarrak Landarera ekartzen ditugun. Hau gertatzea ez litzateke tontakeria izango, izan ere lehiaketa honen arau nagusietariko bat atzerritarrak mugatzearena bait da. Talde bakoitzeko hiru atzerritarrek bakarrik jolas dezakete, eta jakina da Hernanik ez duela arazorik arau honekin. Arerioak jokalari atzerritarrekin mugatuak izateaz gain, kontutan izango dugu baita ere, partidu hauek gehiegi jolasten ez duten jokalariek minutuak izan ditzaten profitatuko dituztela ohorezko mailako taldeek, batzuek mailari eusteko ligan zentratuak egongo direlako; eta besteak, etxeko jokalariek zelaia zapaltzeko gogoa ere izango dutelako.
Lehenengo ordea, lehen fasea gainditzea. Horretarako bidea Hernanik ondo hasi du, joan den astean Faduran 9-17 irabazi eta gero. Ondo esan dugu eta horretan utziko dugu emaitza ona izan zelako, ez hainbeste partidua. Hernaniarrek, defentsan serio azaldu ziren getxotarren aurka entsegu bakarra erdietsi ahal izan zuten eta Iraitz Garmendiaren ostiko bikainek eraman zituzten berdeak garaipenera. Ostikoak ere rugbyua dira noski, baina ez da aurten ikusi dugun partidurik onena.Hori bai, Oier Garmendiak lortutako entsegua oso polita izan zen, eta gainera telebistan ikusteko aukera izan genuen.
Fase honetako beste final erdia Eibarrek eta Durangok jolastu zuten , eta bizkaitarrak nagusitu ziren. Hortaz, finala (lehen fasekoa) asteburu honetan jolastuko da Landaren, Hernani eta Durango parez pare, Igandean eguerdiko 12etan. Idazten duen honek larunbatean denboraldiko sagardotegia izango du, eta ajeak uzten badio bertan izango da gelditzen zaion ahots pattarrero apurrarekin Bultza Hernani! ohiukatzen. Ajea urteberrikoaren tamainakoa bada, telebistan ikusi beharko, igandean baita ere, arratsaldeko 15:00etan ETB3an.

Broken faces


Interneten xalxeatzen argazkilari frantziar baten web orria ikusi dut. Denis Rouvre argazkilari aparta da, pertsonen erretratu bikainak egiten dituena. Bere orri osoa gomendatu nahi dizuet (www.rouvre.com), baina batez ere kolekzio bat, "Broken faces" deiturikoa. Bertan partidui osteko errugbilarien lehen planoak ikus ditzakegu, aurpegi markatuak, odoleztatuak, takoen arrastoa duten bizkarrak, azalore belarriak,... aurpegietako zenbait ezagunak egingo zaizkizuelakoan nago. Egiozue bisitatxo bat.
(Argazkia D. Rouvre)

martes, 19 de enero de 2010

Joko zikina (II)


Duela aste batzuk, joko zikinaren inguruko sarrera batean, Belfasten Ulster eta Stade Francaiseren arteko lehian gertaturiko istilu batetaz hitzegin nuen. Bertan Julien Dupuy uztartze erdi eta David Attoub arroin frantsesek behatzak begietan sartu zizkioten Ferries hirugarren lerroko irlandarrari. Dupuyk segituan jaso zuen eredugarritzat espero zen 24 astetako zigorra. Gaur ezagutu da David Attoubi ezarri zaiona, 70 astetan ezin izango du errugbyan jolastu. Oraindik zigorra errekurritu dezakeen arren, zail xamarra izango du, izan ere bere defentsak erabilitako argudio nagusitzat hemen erakusten dugun argazkia manipulatua izan zela hartu bait zuen. Adituek halakorik izan ez zela frogatu omen dute, beraz gure begiekin ikus dezakeguna Attoubek Ferriesi egindakoa da(Ferriesek ez zuen hori “ikusteko pagotxa” izan), hala bada bejondeiola zigorrak, errugbyan ez dugu halakorik nahi! Okerrena hala ere, Frantzian "ekintza" honek izena duela, “la fourchette” (sardexka) deitzen diote zerrikeria honi, tristea, oso tristea bataioa.

martes, 12 de enero de 2010

INVICTUS


Bart zinemak opari eder bat egin dit. Oso maiz ikusten ez diren film horietako bat ikusi dut, unkitzen duten horietako bat. Clint Eastwoodek egin duen azken filmaz ari naiz (bere azkena ote?), Invictus. Pelikula hau datorren urtarrilaren 29an estreinatuko da zinematan, baina gaiztoak garenez aurretik eskuratu ahal izan dugu. Aurretik irakurria nuen pelikulak oinarritzat hartzen duen John Carlinen liburua, "el factor humano", eta antsietatez itxaroten ari nintzen pelikularen estreinaldia duela urtebete inguru filmatzen ari zirela jakin nuenetik. Ez dut itxaroterik izan.
Zergaitik ari ote naizen zineaz blog honetan? Behingoagaitik errugbia pelikula batean irteten delako! eta errugbia bera delako filmaren muina.1995ko Hegoafrikako mundialean gertatutakoaz dihardu filmak, ez soilik Springboken garaipen hartaz, haruntzago Nelson Mandela bezalako gizon handi batek errugbia bere nazioa batzeko nola erabili zuen azaltzen du. Eta batez ere nola erabili zuen apartheidaren ikono historiko bat, Hegoafrika berriaren ikur berri gisa. Zuriek Hegoafrika berrian tokia zutela uler zezaten, eta beltzek barkamenik gabe aurrera egiterik ez dagoela uler zezaten. Sinbolikoki eta politikoki ederki lortu zuen Robben islandeko 46664 ziegan 27 urte pasatu zituen gizon hark apartatua bizi izan zen nazioa batzen. Apartheidak bere horretan darrai baina, kapitalismoak ez baitu gizatasunaz eta sentimentuez ulertzen, are gutxiago errugbiaz.
Errugbiak filman duen kalitatea ez da apartekoa, beno egia esan oso txarra da, baina tira barkatuko diogu Matt Daemon gaixoari, Francois Pieenarren pare egoten zaila bait da... ez dugu berdina esango Morgan Freemanek egiten duen Nelson Mandelaren paperaz, ez horixe. Ikaragarria Freeman jauna, eta egidazue mesede bat, arren filma jatorrizko bertsioan ikusi, beldur bait naiz Mandelaren hitzegiteko modua espainiar bertsioan ez ote den galduko.
Eastwood jaunak ederki erakutsi zigun kiroletik abiatuta unkitzen badakiela Million dollar baby filmean. Berriro ukitu dit fibra alu horrek. Oraingoan horretarako aurreprestatua nengoela aitortu behar dut. Nkosi sikelelei Afrika...

Igandeko partidua bertan behera (II)


Ba ala izan zen eta hainbeste espero genuen partiduaz gozatzeko aukera ukatu zigun elurteak. Otsailaren 7an jokatuko omen da BUCen aurka jokatu beharreko partidua, eta ordurarte errugbirik gabe zigortu gaitu eguraldiak. Ohorezko mailan Bera Bera eta Ordiziaren arteko lehia ere bertan behera geratu zen, eta berdina gertatu zen Hernanik jokatzen duen talde bereko Getxo-Oviedo partiduarekin. Jokatu ziren partiduetan ustekabeak egon ziren (nik espero ez nituen emaitzak behintzat), horrela Eibarrek denboraldiko lehen garaipena lortu zuen Vigoko unibertsitarien etxean, eta gauzak oso estu jarri zituen Vigotarrentzat, Durangorekin izango duen lehia ikustekoa izango da kategoria mantentzea bermatzen duen 6. posturako lehian. Are gehiago Durangarrak FC Barcelonako zelaian balentria galanta egiteko zorian egon zirela jakinda. Bigarren sailkatuaren Taixonera zelaian soken kontra eduki zituzten etxekoak, eta lehenengo zatian 15-18 aurreratu ziren; bigarren zatian etxekoek partiduari neurria hartu eta azkenean partidua irabazi zuten, baina bonusik lortu gabe. Momentu honetan eta Hernanik eta BUCek elkarren kontra egingo dutenaren zain, FC Barcelona Hernanigandik puntu bakarrera dago, baina , esan bezala, partidu bat gehiago jokatuta.
Ohorezko B mailako beste taldean, hegoaldekoan, izan zen atzeratutako partidurik ere, eta lehen sailkatuak , Alcobendasek, jipoi galanta eman zion azken sailkatu Jaeni. Jokatutako beste partiduan, iaz play offetan kanporatu gintuen Portuense taldeak etxean galdu zuen 3-6 Madrilgo Liceo Frances taldearen aurka. Puerto de Santa Mariako partidua ez omen zen afizioa sortzen duten horietakoa izan eta partiduko lau puntuak kanpotarrek eraman zituzten bi zigor kopleri esker. Etxekoak defentsako bonusarekin konformatu behar, eta guzak oso baina oso estu jarri dira talde honetan play offei begira. Nagusi Alcobendaseko taldea, dudarik gabe Play offetan ekidin beharreko taldea, hortik lehen postua lortzearen garrantzia, batez ere azken boladan izan dituzten altak kontutan hartuta, besteak beste talde honetan hazitako Jaime Nava "etxera" bueltatu bait da Ingalaterrako bigarren mailako Plymouth taldean denboraldi erdia jokatu eta gero. Bigarren posturako lehian Valentziako CAU, Liceo Frances eta CRA Portuense, elkarrengandik oso puntu gutxiko tarteak medio.
Liga amaierak beraz, emozioa ekarriko liguke egongo diren geldialdi luzeak egongo ez balira. Datzoen hilabeteotan hilabeteko partidu bakarra jolasteko aukera, hori da hori erritmoa. Eskerrak tartean 6 nazioetako torneoak goxatuko gaituen... honen ildotik adi, agian Hernaiko taberna batek iniziatiba hartuko bait du partiduak eskeiniz... ea egia den.

sábado, 9 de enero de 2010

Igandeko partidua bertan behera


Hernanik eta BUC taldeek igande honetan jokatzekoa zuten partida bertan behera gelditu da eguraldi txarra tarteko. Azken orduetan eroritako elurteak bultzatuta, Bartzelonako taldeak ez du hernaniko bidea hartu eta partidua beste egun batean jokatuko beharko da. Lastima, gogo itzela bait genuen partidu hau ikusteko; ea noiz jokatzen den partidu hau, horretarako datak soberan izango dira datozen hilabeteotan.
(Argazkia: Rin El Salvadorreko foroan)

lunes, 4 de enero de 2010

Arerioa ezagutu (I)


(Argazkia: Balon Oval)

Ahal dudanean behintzat,Hernanik jokatuko dituen partiduen aurretik arerioaz dakidana azazlduko dut blog honetan.
Datorren Igandean, urtarrilak 10, Hernanik Bartzelonako Universitari Club izango du bisitari, BUC taldea bezala ezagutzen duguna. Talde historikoa hau ere, bere plaza utzi eta urte batzuk lehen mailan pasa ondoren , joan de urtean Ohorezko B mailara igo eta paper oso txukuna egin zuena.Aurten ere, iazkoaren bidetik, oso ondo ari dira egiten gauzak, eta Bartzelonako beste taldearekin batera hernaniarren arerio nagusi dira play offetarako bidean. Joan den urtean, behar bada, Landaren jokatutako partidurik serioena jokatu zuten hernaniarrek BUC taldearen aurka. Nire iritziz bai. Sekulako hotz galanta eta euria (aurten ere hala izango dela dirudi), baina partidu bizia, beroa, eta garbia ikusi genuen, kiroltasunez jokaturikoa.
Aurten ez dakit gauzak nola izango diren, joaneko partidako azken minutuan gertatua gertatu eta gero (hagetara sartu ote zen eztabaidatu ondoren arbitroak hernaniarrei arrazoi eman eta 4 puntuak etxera etorri ziren)zihur kataluinarrak oso motibatuak etorrikoa direla, motibatuegiak agian. Badakite Hernanin garaipena lortu ezkero lehian sartzen direla, eta kontrakoa gertatu ezkero oso atzean geldituko direla, hernaniarrekin duten aldea 9 puntukoa baita. Joanekoan hain juxtu galduta gainera, seguro irabaz dezaketela sinestuta etorriko direla, motibazioa ederki landuko zuten aste honetan La Foixardan.
Nolako taldean ikusiko dugu Landaren?
Ba ziuraski lehengo denboraldikoa baina hobea. Jokalari ezagunak ditu talde honek, sorbaldako lesioak eta adinak bultzatuta geroz eta gutxiagotan jokatzen duen Andrei Kovalenko ukrainiarra kasu. Jolastekotan (zihurrenik ez) joko zabaltzaile bezala jolasten du, eta hiru laurdenetako lerroa primeran mugitzeaz aparte oso ostiko ona duen jokalaria da. Aurrelariak ere ez ditu makalak, lehengo urtean oso aurrelari indartsuekin etorri ziren Hernanira, lehen lerro gogor eta zail horietakoa. Dudarik gabe joan de urtean aurrealari onena zuten "giltza" edo 8a zen. Toki guztietara iristen zen mutila, ametsgaizto bat bezala,... baina lan kontuak tarteko Argentinara itzuli behar izan zuen. Bera ordezkatuz, Tom Hobbes izeneko zortzi bat ekarri zuten, ustez diferentziak markatu dituena, baina zorte piska batekin zurrumurruak egi bihurtu eta ez da Landaren izango, dagoeneko taldea utzi duelako.
Amaitzeko, eta hiru laurdeneko lerroaz zeozer aipatzeko, ba lehengo urtekoa baina hobea izango dela lerro hau, ze nahiz eta Kovalenkok ez jokatu, Sant Boianan egon diren tirabirak tarteko, BUCera joan dira talde honetan jokatzen zuten Carles Badia uztartze erdia edo joko zabaltzailea (kontuz jokalari honekin, jokoa hauts bait dezake bai joko ona tarteko, eta baita joko zikina tarteko ere)edo Oriol Garcia hegalekoa. Biak Ohorezko mailan zaildutakoak (lehena bigarrena baina gehiago),zihur lerroaren maila igo dutenak. Amaitzeko eta atzelari gisa Xavi Zubero denboraldi txukuna egiten ari omen da. Arriskua beraz atzekaldean, baina dudarik ez dago, hernaniarrek ere asko hobetu dutela azken urte honetan atzekaldean eta arriskua guk eragiten dugula!!
Iaz bezain partidu txukuna ematera, zelaian eta armailetan ere: Bultza Hernani!!